Sindikatuek jakinarazi dutenez, Gipuzkoako enpresa handienek eta erreferentzialenek greba egin dute, hala nola Goierrin eta Debako zonaldean. Oarsoaldean grebak jarraipen nabarmena izan du, ez hainbeste Bidasoaldean.
Kooperatibetan ere grebak jarraipen garrantzitsua izan duela nabarmendu dute sindikatuek. Hezkuntza publikoan %80an kokatu dute grebaren jarraipena eta ikastoletan, %90etik gora. Zerbitzuei dagokienez, Pasaiako portua erabat itxita egon da.
Donostiako Ospitaleko langileek, aldiz, zerbitzu minimoen “inposaketa” salatu dute. Kritikatu dutenez, zerbitzu minimo horiek “gehiegizkoak dira” eta horrek euren greba eskubidea urratu du.
Donostiako manifestazioari dagokionez, milaka pertsona bildu dira bertan. Azken urteetan egindako grebatako manifestaziorik jendetsuena izan dela diote.
Hainbat istilu izan dira egunean zehar. Piketeetan hainbat pertsona identifikatu dituzte hainbat herritan. Oiartzunen eta Pasaian, piketeek eragindako kalteak salatu ditu Ertzaintzak. Donostian, piketeetan zebilen pertsona bat inputatu dute “desobedientzia” egotzita, merkatari bati mehatxu egin dielakoan eta ertzainen lana oztopatu duelakoan.


