Tag Archive | "oarsoaldea"

Tags: , , , , ,

Oarsoaldea eta Bidasoa erabat geldirik daude

Posted on 29 Martxoa 2012 by muxkilla

Oarso Bidasokok Hitzatik

Greba orokorraren deialdiarekin bat egin dute Oarsoaldeko eta Bidasoko herritarrek. Udal guztietako langileak egiten ari dira greban, hezkuntzan erabatekoa izango da, eta herrietako dendek nahiz ostalaritza establezimenduek oraindik zabaldu ez badute ere, sindikatuetako ordezkarien arabera bat egingo dute horiek grebarekin. Industria alorra ia erabat geldirik dago.

Hondarribian eta Irunen enpresa handienek ateak itxi dituzte. Horien artean Irungo CAF, Unialco, Norauto, Recondo edo Txingudiko Urak, besteak beste, daude. Zaisako garraio enpresen gehiengoak ere bat egin du grebarekin. Irungo nahiz Hondarribiko udaletako langileak ere ez dira gaur lanera joan, eta Hondarribiko kiroldegia ere itxita dago. Sindikatuetako ordezkariek jakinarazi dute Irungo Kateako industriagunean Ertzaintzarekin tentsio uneren bat izan dela, baina ez dela aparteko gertakaririk izan. Piketeek normaltasunarekin egin dute euren lana.

Oarsoaldean erabat geldirik dago. Besteak beste, Pasaiako portuan, Niessenen, Beissierren, Papresan, Carrefourren eta Zamakona ontziolan bat egin dute grebarekin. Horiez gain, Lezoko, Oiartzungo, Errenteriako eta Pasaiako industria guneetan ez dago inolako jarduerarik. Hezkuntzan, ez dago ateak zabalduko dituen ikastetxe edo eskolarik; udal jarduera ere guztiz etenda dago.

Garraioan, bi eskualdeetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak arazorik gabe betetzen ari dira Ekialdebusen, Renfen eta EuskoTrenen.

Comments (0)

Tags: , , , , , , , , ,

Grebaren eragina Gipuzkoan

Posted on 27 Urtarrila 2011 by grebaorokorra

Sindikatuek jakinarazi dutenez, Gipuzkoako enpresa handienek eta erreferentzialenek greba egin dute, hala nola Goierrin eta Debako zonaldean. Oarsoaldean grebak jarraipen nabarmena izan du, ez hainbeste Bidasoaldean.

Kooperatibetan ere grebak jarraipen garrantzitsua izan duela nabarmendu dute sindikatuek. Hezkuntza publikoan %80an kokatu dute grebaren jarraipena eta ikastoletan, %90etik gora. Zerbitzuei dagokienez, Pasaiako portua erabat itxita egon da.

Donostiako Ospitaleko langileek, aldiz, zerbitzu minimoen “inposaketa” salatu dute. Kritikatu dutenez, zerbitzu minimo horiek “gehiegizkoak dira” eta horrek euren greba eskubidea urratu du.

Donostiako manifestazioari dagokionez, milaka pertsona bildu dira bertan. Azken urteetan egindako grebatako manifestaziorik jendetsuena izan dela diote.

Hainbat istilu izan dira egunean zehar. Piketeetan hainbat pertsona identifikatu dituzte hainbat herritan. Oiartzunen eta Pasaian, piketeek eragindako kalteak salatu ditu Ertzaintzak. Donostian, piketeetan zebilen pertsona bat inputatu dute “desobedientzia” egotzita, merkatari bati mehatxu egin dielakoan eta ertzainen lana oztopatu duelakoan.

Comments (0)

Tags: ,

«Ia erabateko greba»

Posted on 30 Ekaina 2010 by muxkilla

Atzoko greba deialdiaren jarraipena «ia %100» izan zela esan dute mobilizazio eguna antolatu duten sindikatuek

Erik Gartzia/Oarsoaldeko Hitza

Atzo Hego Euskal Herrian greba orokorra egiteko deialdia egin zuten euskal gehiengo sindikaleko kideek: ELAk, LABek, ESK-k, Hiruk, EILASek eta EHNEk. Geroago beste hainbat sindikatuk ere bat egin zuten deialdi horrekin, tartetan Euskadiko CCOOk edo CGTk, besteak beste.

Horrela, greba «arrakastatsua» izan zela esan dute eskualdeko ELAko eta LABeko kideek. Izan ere, eskualdeko lau udalerrietako herriguneetan ez zen jarduerarik ikusi atzo. Herriguneetatik at, industrialdeetan ere jarduerarik apenas ikusi. Jarraian, ELAk eta LABek emandako datuak.

Errenteria-Orereta

Udaleko langile gehienek egin zuten greba, nahiz eta batzuk lanera joan ziren. Anbulatorioetan zein garraioan (Renfe, Herribus eta Euskotren) gutxieneko zerbitzuak egin zituzten.

Industriagune guztietan, berriz, grebak «jarraipen handia» izan zuela esan dute sindikatuek. Hala, Papresan langile askok jarraitu zuten greba. Beissier-en, ordea, «langileen erdiak edo» egin zuen greba. Merkataritzari dagokionez, herriguneko ia denda guztiek itxi dute, eta Niessen merkatalgunea itxita egon zen.

Pasaia

Antxoko, Trintxerpeko, Donibaneko eta San Pedroko denda ia guztiek ere itxi zuten atzo. Errenteria-Oreretan bezala, garraioetan eta anbulatorioan zerbitzu minimoak egin zituzten. Udalean, ordea, erabatekoa izan zen lanuztea.

Pasaiako portuan ere ia erabatekoa izan zen grebaren eragina, zamaketariek eta kamioilariek, besteak beste, grebarekin bat egin zutelako. Horrez gain, Navalaldean zein La Herreran ez zen ia industria jarduerarik egon.

Bestalde, San Pedroko jaietan atzo goizean ez zuten ekitaldirik egin. Izan ere, barrutiko Jai Batzordeak grebarekin bat egitea deliberatu zuen. Horrela, egitarauan bi aldaketa egin zituzten. Batetik, Haurren Inude eta Artzainen desfilea atzo egin beharrean herenegun arratsaldean egin zuten. Bestetik, Txikien Eskupilota Txapelketa atzo arratsaldera aldatu zuten.

Oiartzun

Oiartzunen ere eragin handia izan zuen atzoko grebak. Horrela, Pasaian bezalaxe, Udalean erabatekoa izan zen lanuztea. Horrez gain, garraioan eta anbulatorioan ere gutxieneko zerbitzuak eskaini zituzten.

Herriguneko zein auzoetako dendek euren ateak itxi zituzten atzo. Carrefour ez zuten zabaldu, eta Alcampo tarteka egon zen zabalik. Mamut merkatalguneko denda ia guztiek itxi zuten. Handik ez oso urrun, Niessen enpresa erabat itxi zuten. Izan ere, ELAren eta LABen arabera, lanuztea ia erabatekoa izan zen industrian.

Lezo

Sindikatuen datuen arabera, Lezoko Udalean ere erabatekoa izan zen grebaren eragina. Gutxieneko zerbitzuak ere eskaini zituzten Renfek eta Herribusek, baita anbulatorioak ere. Industriari dagokionez, ia erabatekoa izan zen, merkataritzan bezala.

«Patronalaren derrigortzea» salatu dute

Greba deialdia egin zuten sindikatuetako bik, ELAk eta LABek, grebaren gaineko balorazio positiboa egin zuten atzo. Horrela, Igor San Jose eskualdeko ELAko kideak esan zuenez, Oarsoaldean «ia erabatekoa» izan zen grebaren eragina. Horrela, grebaren jarraipena «ia %100» izan zela esan zuen San Josek. Atzo goizean lantegiz lantegi joan ziren bi informazio pikete, eta Ertzaintza izan zuten etenik gabe atzean, «baina ez zen inolako arazorik egon», azaldu zuen San Josek. Goiza eskualdeko lantegi inguruetatik pasatu zuten eta eguerdian Donostiako kaleetan egin zuten manifestaziora joan ziren pikete horietako kide asko, beste hainbat herritar bezala.

Bestalde, LABeko kide Zorion Ortigosak esan zuen «iazko greba orokorrak baino erantzun hobea» izan zuela atzokoak. Bestalde, «patronalaren derrigortzea» salatu zuen Ortigosak. «Komunikabideetan esaten da piketeek greba egitera derrigortzen dutela, baina patronalak ere derrigortzen du grebarik ez egitera. Eskualdean bertan, hainbat enpresetako langileek presioak jaso dituzte grebarik ez egiteko. Ezkutuan dagoen errealitatea da», esan LABeko kideak.

Etorkizunean greba gehiago egin beharko direla esan du Ortigosak: «Atzokoa lan erreformari aurre egiteko greba izan zen, baina badakigu erreforma berriak egiteko prestatzen ari direla eta bide honetatik jarraitu beharko dugu. Garai gogorrak datoz».

Arratsean, manifestazioa

Eskualdean atzo izan zen mobilizaziorik jendetsuena arratsaldeko 18:30ean Errenteria-Oreretako Gamon Zumarditik hasi zena izan den. Greba deitzaileek manifestazioa egin zuten, eta bertan ehunka herritar bildu ziren.

Gamon Zumardian hasi eta bukatu zen manifestazioa, Gure eskubideak defendatzeko lelopean. Bertan, pankarta nagusiaz gain, AHTren aurkakoak eta ezker abertzalekoak ere ikus zitezkeen, baita bandera beltz eta gorriak ere, besteak beste. Bukaeran lan erreformaren aurkako hitzak izan zituzten sindikatuetako ordezkariek. Internazionala eta Eusko Gudariak abestuz bukatu zuten ekitaldia.

Comments (1)

Hemen bannerrak doaz