Euskal Herriko gehiengo sindikalak eta beste hainbat eragilek murrizketen aurka gaurko deituriko grebak erabateko jarraipena izan du Debagoieneko
herrietako erdiguneetan; denda eta taberna ia guzti-guztiek ateak itxi dituzte gaur. Hezkuntzan eta udal zerbitzuetan ia erabatekoa izan da jarraipena eta industrian denetik izan da.
Debagoieneko herriak eta kaleak ohi baino askoz isilago eta lasaiago esnatu dira gaur. Kaleak hutsik eta denda eta tabernak pertsiana botata. Ez da gauza bera gertatu herrigunetik haratago zeuden supermerkatuetan. Arrasaten, esaterako, Dia eta LIDL supermerkatuek ateak ireki dituzte, eta baita Eroski hipermerkatuak ere. Bergaran Super Amara ere zabalik egon da piketeek itxi dutenera arte. Arrasateko Mekako gasolindegia ere zabalik izan da eta bertako langileek Goienari azaldu diotenez “egun arrunt batean baino jende gutxiago zebilen arren, goizeko lehenengo orduan ibili dela jendea”.
Trafikoan ere nabaritu da gaurkoa ez zela egun arrunta. Goizeko lehen orduetan pilaketa eta trafiko handia egon ohi diren lekuetan lasaitasuna zen gaur nagusi.
Industrian denetarik
Lantegiei dagokienez batzuk grebara batu dira eta beste batzuk ez. Greba egin duten lantokien artean daude, esaterako, Fagor Arrasate, Elektronika, Ederlan eta Automation, JMA, Asmobi, Alecop, Torunsa, Metagra, Lazpiur, Tavex, Tornilleria Deba, Ulma Forja, Hijos de Juan de Garay, Cegasa, Zahor, Nemesio Zubia, Betik, Stadler, Chinchurreta, Azbe, Copreci, Cerrajera Valle de Leniz, Tesa, Leniz Fundaciones, Elay, Balzers-Oerlicon, Recyde eta Laibe.

Fagor Ederlan greban dago. Argazkia: @oirureta
Greba ez dute egin berriz, beste batzuen artean, Fagor Elektratresnak, Elektragailuak eta Etxetresna elektrikoak, Ikerlanek, Jolmak, Union Cerrajerak, Geyser Gastechek, TTTk, Ulma Agricolak, Packagingek, Polimerok, Construccionek, Fagor Industrialek, Matz Errekak, Goizperrek eta Sistecok.
Hezkuntzan eta udal zerbitzuetan erabatekoa
Hezkuntzari eta Udalei dagokienean berriz, esan daiteke, greba erabatekoa izan dela Debagoienean. Arrasateko eta Eskoriatzako Udalek zerbitzu minikoak eskaini dituzte eta Oñatin erregistroa egon da zabalaik. Gainontzeko udaletxeak itxita egono dira, baita kiroldegi eta kultura etxeak ere.
Debagoieneko ospitalean normaltasuna
Osasun zerbitzuei dagokienez atzo Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailetik jakinarazi zuten ezinbesteko zerbitzu minimoak bermatuko zirela. Bada Debagoieneko Ospitalean normaltasuna izan da nagusi gaur goizean zehar; langile bakoitzak gaur bertan erabakitzen zuen lanera joan edo ez. Bertako langile batek esan digunez gutxiengo batek egin du greba eta oso gutxi nabaritu da gaurkoa greba eguna zenik.
Protestak istilu barik
Oñatiko manifestazioaren burua. Argazkia: Goiena.net
Greba eguna lasaitasun osoz igaro da orain arte behintzat. Ertzaintzak Goienari emandako informazioaren arabera Debagoienean ohiko pikete eta manifestazioez gain ez da egon inolako gertakari larririk.
Mobiliziazioak eta protestak hori bai, herri gehienetan egon dira. Bergaran goizean goizean goiz sindikatuetako ordezkariak kalean ibili dira eta txistu egin ditu denda edo tabernaren bat zabalik egonez gero. Banketxeetako bulegoetara ere gerturatu dira eta Lapurrak zioten pegatinak jarri dituzte. Arratsaldean gero, 19:00etan manifestazioa egingo da San Martin plazatik abiatuta.
Arrasaten berriz, 09:30ean elkarretaratzea eta manifestazioa egin dute Seber Altube plazatik irtenda. Hainbat pankarta eta panfleto eskuetan zituztela, kalez-kale ibili dira. Gero, 17:00ean herriko plazan elkartuko dira bizikletan egingo duten mobilizaziorako. 18:00ean manifestazioa irtengo da Seber Altubetik.
Oñatin ere manifestazioa egin dute 12:00etan herriko plazatik abiatuta.
Aretxabaletan berriz, bizikleta martxa egin dute herriko kaleetan barrena, eta bizikletarik eraman ez dutenek oinez egin dute txistu herriko kaleetan zehar. Arratsaldean ere gauza bera egingo dute, 17:00etan egin dute hitzordua eta oinez zein bizikletaz guztiak elkarrekin joango dira Arrasatera. Izan ere, Arrasaten 18:00etan bailara mailako manifestazioa deitu dute.
Sindikatuak ados eta pozik
Sindikatuak pozik azaldu dira grebak Debagoienean izan duen jarraipenarekin. ELA sindikatuak Goienari adierazi diote kooperatibak alde batera utzita, industria ia erabat gelditu da Debagoienean eta komertzio eta tabernetan ere oso jarraipen zabala izan du. LAB sindikatuko Jose Ramon Kortabarriaren hitzetan irakaskuntzan eta administrazioan ia erabatekoa izan da eta industrian ere jarraipen oso zabala izan du. Hori bai, adierazi du, martxoaren 29ko grebarekin alderatuta kooperatiba diren enpresa gutxiago batu direla grebara: Fagor, Matz-Erreka edo Gaizpen ipini ditu adibide gisa.
Jarraian dituzue datozen orduetako mobilizazioak Debagoienean:
ARRASATE
- 17:00ean herriko plazan elkartuko dira bizikletan egingo duten mobilizaziorako.
- 18:00ean manifestazioa irtengo da Seber Altubetik.
BERGARA
19:00etan egingo da manifestazioa San Martin plazatik abiatuta.
ERLAZIONATUTAKO INFORMAZIOA
BIDEOAK
- “Kapitalismoa suntsitu” oihukatu dute Arrasaten
- Pikete informatiboa Oñatiko Fagorren
- Bizikleta martxa txistuekin Aretxabaletan
- Murrizketen kontrako manifestazioa Oñatin
ARGAZKI GALERIAK
- Greba orokorra Arrasaten
- Greba orokorra Bergaran
- Greba orokorra Oñatin
- Greba orokorra Aretxabaletan
- Greba orokorra Antzuolan
- Manifestazioa Oñatin
ITURRIAK
- Lasaitasuna greba eguneko lehen orduetan
- Adegi: “Langilegoaren %60 lanera joan da”
- ELA eta LAB: “Kooperatibak izan ezik, Debagoienean industria ia erabat gelditu da”


